Goierri erdian egonik, Aralar mendilerroak bertakoentzat ez ezik, heldu berriarentzat ere eragin magikoa du. Kareharrizko gorune handiz beteriko bere erliebe liluragarriak, bere ibai eta iturburuek, bere landaretza eta fauna ugariek, bere mito eta kondairez beteriko tradizioek ikuslea zoratu behar dute ezinbestean.


Aralar

Larrunarri, Txindoki, edo Ñañarri izenez ere ezaguna dugu Aralarreko gailurrik bereizgarriena.


Larrunarri, Txindoki, edo Ñañarri izenez ere ezaguna dugu Aralarreko gailurrik bereizgarriena. Alde askotatik ikusgarri den bere orraze dotoreagatik gailentzen da gainontzekoetatik eta Gipuzkoako mendi kuttun eta ederrenetzat jotzen da.

Gizakiaren iharduera oso aintzinakoa da alde horretan, monumentu megalitiko ugari dira horren lekuko; bertan Euskal Herriko trikuharri pilaketa handiena dugu. Bestalde artzantza izan da gehienbat betidanik, eta aberetza garrantzitsua du, batez ere ardi latxarena.

Egundoko basoak dira bertan, Lizarraustikoak eta Akaitz-Sastarriko pagadiak kasu, hagin ugari dituztelarik, Itaundieta-Leizadiko artadiak eta harizti baso nahasiak. Goimendialdeko berezko landaretza ere garrantzitsua da. Karezko lurrak batetik eta ur handiek bestetik prozesu karstiko ugari gertarazi dituzte; leize, iturburu, isurbide eta lurpeko ur-tira ugariek nabarmen uzten dutelarik. Amundarain ibaiak ikuskizun aparta eskaintzen du, urjauziak, putzuak, ur-kalitate bikaina eta ondo zaindutako ibaiertzeko landaretza dela medio. Halaber, garrantzitsua da Agauntza ibaia. Interes geomorfologiko handikoa da Ataungo domoa (kupula itxurako topografi egitura), bertan higadurak gopor itxurako egitura sortarazi baitu, barrualdera begira dauden labarrak agerian utziz. Hemen oihaneztapen garrantzitsuak eman dira.

Abere bizitza goi-mendialdekoa da; honako espezie hauek nabarmentzen direlarik: saizuria, arrano txikia, saia, belatxinga, okil beltza, haitzenera, bai eta elur-lursagua, lepahoria, basakatua, basurdea, azaria...