PARKE NATURALAK

Parke Naturalak

parques-naturales

Goierrin, behin bailarako behealdean kokaturik dauden hiriguneetatik urrundu eta berau inguratzen duten edozein mendikatetara, Aralar, Aizkorri, Aratz,  Murumendi... igoz gero, bertako naturaren oparotasunean murgiltzen gara. Aralar eta Aizkorri-Aratzeko Parke Naturaletan natura turismoa praktikatu daiteke.

Mendizale adituak Goierrik eskaintzen dituen aukera guztiak sakon ezagutzeko luzaroan ibili beharko du batetik bestera. Halaber, zailtasun eskaseko ibilbideez eta pasaia ederrez goza nahi dutenentzat, Goierrin hainbat ibilbide dauzkagu prestatuta.

lareoZaldibia eta Ataun, Aralarreko Parke Naturalaren sarbide nagusiak dira. Ataun-Lizarrustitik (Parkearen Interpretazio Zentrura) abiatuz, erraz heldu daiteke edertasun handiko ingurune batean kokaturik dagoen Lareo urtegira. Zaldibian, Osinberderako ibilbidea oso interesgarria da; ibilbide honetan Amundarain errekaren sorburua topa dezakegu. Bestalde, Zaldibian bertan, herrigunetik bi kilometrotara dagoen CAF enpresaren deposituaren ondotik abiatuz, Aralarreko zenbait zelai eta tontorretara irits zaitezke ehundaka, ez bada milaka, urte izango dituen galtzada baten bidez. Leku berean Arkakako arrantza gunea topa dezakegu.

Aizkorrin, San Adrian haitzulo ospetsua eta bertara garamatzan aintzinako galtzada oso ezagunak dira; inongo zailtasunik gabe irits daiteke Zegamatik barrena, parke naturaleko sarreretako bat izanik. Bertan aurkituko dugu Aizkorri-Aratz Parke naturalaren Interpretazio zentroa eta egurraren Interpretazio Zentroa. Ezin ahaztu Burdinaren mendia, Monumentu Multzo izendapena duena, eta bertan dauden Aizpeako meategiak eta Aizpittako Adieraztegia.

Txindoki, Aralar eta Aizkorri begi bistan dituzularik, ingurune paregabean egun lasaia pasa ahal izateko, Lazkaomendiko inguruak eta Ordiziako nekazal gunean dagoen Oianguren parkeak aparteko baldintzak eskaintzen dituzte: mahaiak, erretegiak, jatetxeak, haurrentzako jolasguneak, eta baita zaldi ibilbideak egiteko aukera ere. Goierriko zenbait nekazalturismoek eskainitako ostatuari esker naturaz bere osotasunean gozatzeko aukera ematen dio bisitariari.

Aizkorri-Aratz

aizkorri

Aizkorri-Aratz Parke Naturalean dago Euskal Herriko mendigunerik altuenetarikoa. 1.500m-tik gorako mendi guneak dituen berezko talaia honek, kantauriar-mediterraniar isurialdeak bereizten ditu.

Natura kontutan izanik, asko dira Aizkorri-Aratzen nabarmendu daitezkeen alderdiak. Geologiari dagokionez, karbonatozko lurren morfologia ugari sartarazi dute: erliebe kizkurra eta gailur borobila duten mendikatetxoak, sakan handietako alde maldatsuak, gailurrak, sakonuneak... Horrela, besteak beste, Urbiako sakonunea aipa dezakegu; erliebe handiez inguraturik, 4km-ko luzera eta 1eko zabalera duelarik. Eta guztiz ospetsua den San Adrian haitzuloa (erregeen eta erromesen pasaleku), aintzinako lurpeko ubideen eraginez sortua; bi aldeetarako irteera duen 50m luzeko tunel handia dugu berau.

aizkorri-txabolaIngurune aberats honetan animalia ugari ditugu; bertakoak diren mendialdeko espeziak nabarmen daitezkeelarik: arrano txikia, saizuria, aztorea, saia eta zenbait hegazti txiki, belatxingak eta mendi txirriskila dabiltza esparru honetan; ugaztunen artean elur-lursagua, lepahoria, muxarra, basurdea eta azeria aipa ditzakegu.

Parkea bisitatzeko gomendatzen den bidea Aizkorrirako igoera da. Mendibide honek nolabaiteko zailtasuna du bere luzera eta goibehera dela medio. Hala ere, dituen gune interesgarriak (San Adrian haitzuloa eta galtzada, Urbiako zelaiak, Zorrotzarriko zutarria...) ezagutu beharrezkoak dira. Bidenabar, aipatu, San Adrian haitzuloa, galtzada eta guzti, Santiago Bidearen pasabide dugula.

Aralar

txindoki

Goierri erdian egonik, Aralar mendilerroak bertakoentzat ez ezik, heldu berriarentzat ere eragin magikoa du. Kareharrizko gorune handiz beteriko bere erliebe liluragarriak, bere ibai eta iturburuek, bere landaretza eta fauna ugariek, bere mito eta kondairez beteriko tradizioek ikuslea zoratu behar dute ezinbestean.

Larrunarri, Txindoki, edo Ñañarri izenez ere ezaguna dugu Aralarreko gailurrik bereizgarriena. Alde askotatik ikusgarri den bere orraze dotoreagatik gailentzen da gainontzekoetatik eta Gipuzkoako mendi kuttun eta ederrenentzat jotzen da.

aralar-hayedoGizakiaren iharduera oso aintzinakoa da alde horretan, monumentu megalitiko ugari dira horren lekuko; bertan Euskal Herriko trikuharri pilaketa handiena dugu. Bestalde artzaintza izan da gehienbat betidanik, eta abere kopuru garrantzitsua du, ardi latxa izanik gehien ikus daitekeen aberea.

Egundoko basoak dira bertan, Lizarraustikoak eta Akaitz-Sastarriko pagadiak kasu, hagin ugari dituztelarik, Itaundieta-Leizadiko artadiak eta harizti baso nahasiak. Goimendialdeko berezko landaretza ere garrantzitsua da. Karezko lurrak batetik eta ur handiek bestetik prozesu karstiko ugari gertarazi dituzte; leize, iturburu, isurbide eta lurpeko ur-tira ugariek nabarmen uzten dutelarik. Amundarain ibaiak ikuskizun aparta eskaintzen du, urjauziak, putzuak, ur-kalitate bikaina eta ondo zaindutako ibaiertzeko landaretza dela medio. Halaber, garrantzitsua da Agauntza ibaia. Interes geomorfologiko handikoa da Ataungo domoa (kupula itxurako topografi egitura), bertan higadurak gopor itxurako egitura sortarazi baitu, barrualdera begira dauden labarrak agerian utziz. Hemen oihaneztapen garrantzitsuak eman dira.

Abere bizitza goi-mendialdekoa da; honako espezie hauek nabarmentzen direlarik: saizuria, arrano txikia, saia, belatxinga, okil beltza, haitzenera, bai eta elur-lursagua, lepahoria, basakatua, basurdea, azaria...