BIDE BERDEA

Bide Berdea

Nordik walking-erako ibilbide egokia da.
Bide Berdeak, senderismorako edo bizikletan ibiltzeko berreskuratu eta eraldatu diren trenbide zaharrak dira. Goierriko eskualdean duela urte asko meatzaritzan ustiatutako minerala Mutiloatik Ormaiztegira garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea berreskuratu da. Mendi magaletik igarotzen da eta bere edertasuna, bertatik ikusten diren haran eta basoetan aurkitzen da.

Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdeari heldu baino lehen Mutiloa udalerria eta Barnaola baserria lotzen dituen Troi Bidea egitea merezi du. Asfaltozko pista batetik gora egingo dugu, belardiak eta baserriak lagun ditugula. Apur batean bidetik aldenduko gara, eta Idiazabalen, izen bereko gazta ospetsuaren sorterrian, geldialdia egingo dugu. Gazta horri eskainitako Interpretazio eta Dastatze Zentroan jaki preziatu hori ondo baino hobeto ezagutzeko parada izango dugu. Asfaltozko pista utzi eta bidezidor bati helduko diogu, harrizko errotak ikusteko. Behera egingo dugu, errekaren bideari paraleloan jarraitzeko. Ibilbidearen zatirik ederrenetako bat da honako hau, ezbairik gabe. Ondoren meatzarien garaiko lehenengo aztarnekin (hala nola, dekantazio-putzuak) egingo dugu topo.

mutiloa-ormaiztegi-mapaMutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen hasieran Mutiloako meatze-barrutiaren ustiategi zaharrak ikusiko ditugu, Aizpuru mendi-hegalean. Beherago, Monastegizar baserriaren ondo-ondoan meatzarien garaiko hondar gehiago aurkituko ditugu: hondakindegia, ur eta mea biltegia eta garbitegia. Asfaltozko pistatik Mutiloatik datorren auzo-errepideraino joan eta bidegurutze batera helduko gara; kotxetegiaren eta oinezkoen gaineko pasagunearen hondarrekin egingo dugu topo.

Ibilbidearen zati honetan Izturi mendiaren hego hegala izango dugu bidaide. Ingurunea ederra da zinez. Hurrengo interesgunea Lierniko mendixka izango da; bertatik bista ikusgarriez gozatu eta Aizkorri-Aratz Parke Naturala ikuskatuko dugu. Lierni auzoko atsedenlekuan geldialdia egin dezakegu, indarberritzeko. Handik metro gutxira, Lierniko zubia zeharkatu eta Mugata mendiaren ezkerraldetik behera egingo dugu. Orografia menditsua da oso.

Aurrerago Estanda harana eta Ormaiztegiko bi trenbide biaduktuak ikusiko ditugu. Bide Berdea bi adarretan banatzen da: eskuinekoa antzinako meatze baten ahoaren aurre-aurrean amaitzen da, eta ezkerrekoa, aldiz, Ormaiztegiraino igotzen den asfaltozko bidean. Gure ibilbidea osatzeko, Aizpeako meategiak bisitatuko ditugu, Zerainen. Udalerri horren historiak lotura estua du burdin eta meatzaritzarekin. Aizpittako Adieraztegia, "Ingelesen Etxea" izenaz ezaguna den eraikinean dugu Burdinaren Mendiaren (Monumentu Multzo izendatu zuten) erdigune. Hiru kiskalketa labe handi eta Polborina deritzon meazuloa ere nabarmendu behar dira.

Bide berdearen ibilbideak soilik, 4,2 km. ditu eta ordu bat eta 30 minututan egiten da gutxi gora behera. Mutiloatik hasita eta Troi bidearekin elkartzen bada, 6 km inguruko da joana.

Familia turismora zuzenduriko orientazio jokua Bide Berdean

Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdea oinarri hartuta orientazio zirkuito bat ireki da edonorri zuzendua eta familientzat egokitua batez ere joku moduan: orientazio kirola, senderismoa eta asmakizuna nahasten ditu ibilbide didaktiko honek. Erabiltzaileek Ormaiztegiko turismo bulegoan jasoko dute ibilbideko mapa eta markatutako ibilbidean zehar topatuko dituzten balizei dagozkien galdera edo asmakizunak modu egokian erantzun beharko dituzte jokua osatzeko.

Familientzako ibilbide didaktiko hau ibilbide zirkular bat da, hasierako bi puntu nagusi dituena Ormaiztegiko Zumalakarregi museoaz gain (turismo bulegoa): Mutiloako herria eta Lierniako auzoa. Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdeak duen berezko erakargarritasuna eta garatutako azpiegitura osagatzeko, beste bi bide erabiliko dira, hala nola, Troi Bidea (Mutiloatik Barnaolara) eta Lierniatik Mutiloara doan Santiago Bideko ibilbidea.

Erabiltzaileek, familiak kasu honetan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan mapa bat eta arkatz txiki bat jaso beharko dute: mapa honetan ibilbidean zehar aurkituko dituzten puntuei dagozkien galdera edo asmakizunak egongo dira, baita mapa eta bestelako informazio praktikoa ere; guztira 10 baliza daude ibilbide guztian zehar sakabanatuta eta galdera desberdinak, natura, ingurunea eta meatzaritza gaiekin erlazionatuta daude. Deskargatu mapa hemen.

Inguruko informazioa gehiago www.mutiloakomeatzaritza.com