Lizarrusti-Lareo

Lizarrusti-Lareo (Zailtasuna: erraza)

  • Desnibela
    373 m
  • Denbora
    2h 15´
  • Luzera
    6,73 Km
  • Track
  • PDF

Nordik walking-erako ibilbide egokia da.
Lizarrustiko Parketxea Aralar Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa eta Aralarreko sarbide nagusia da. Bertan, Aralarko hainbat baliabideren berri jasotzeko aukera izango duzu. Informazio guneaz gain, aterpetxea, jatetxea eta taberna zerbitzuak biltzen ditu. 620 metroko altueran kokatua, Gipuzkoako pagadirik handiena dago hemen. Ingurune paregabe honetatik abiatuta, Aralarrek eskaintzen dituen gailur eta txoko liluragarrienak ezagutu ditzakezu. Lizarrusti Parketxetik abiatu eta Lareo deritzan urtegira bitarteko bidea osatzen du Lareo ibilbideak. Aralar Parke Naturaleko Parketxea, Lizarrusti izena duen mendatean dago kokatua, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan hain zuzen ere. Muga honen testigu da Parketxea bera, izan ere, garai batean Mikelete etxea baitzen. Oso ibilbide erosoa duzu. Jakina, mendi ibilbide bat izanik, baditu bere aldapatxoak eta bidezidorretan barrena hedatzen da, baina ez du ia zailtasunik. Pagadi trinkoan hasten da eta aurrera egin ahala, bailara estutu eta Maizierrekako arroilara hurbilduko da. Nagusiki pagadia zen eremua zabaldu eta landaretza mistoan bilakatzen da haritz, lizar, elorri, ezki eta abarren artean. Paisaia dotorea ere ikus daiteke bertatik Berrenoa aldera. Harkaitzek zulatutako Akerretako tunela eta Maizierreka atzean utzita urtegira bitarteko igoerari ekingo diogu, lehenik urtegia eraikitzeko ustiatu zen harrobiaren ondotik eta ondoren urari eusten dion dikean gora. Horrela, Lareo urtegia izango duzu parez pare. Kilometro inguruko distantzia eginez itzulia eman diezaiokezu. Mendiarte paregabea da eta ziur betirako maiteminduta utziko zaituela leku honek.

 

1.- 0 metro. 621 metroko altuera. Aralar Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa den Lizarrustiko Parketxetik abiatzen da ibilbidea. Besteak beste, Aralarrek eskaintzen dituen senderismoko aukeren berri jaso dezakegu bertan. Abiatzeko eraikinaren goiko aldera egingo dugu eta ataka igaro osteko bideari ekin.

2.- 300 metro. 625 metroko altuera. Bidean hainbat pintura marka ikusiko ditugu. Lareo ibilbidearen marka zuri-berdeak, SL-Gi2004, GR20, GR20.1. GR35 eta GR283enarekin bat eginez doaz. Puntu honetan lehen bidegurutzearekin egingo dugu topo. Ezkerretara utziko dugu Ataungo Aia auzora doan GR20a eta bide lauan jarraituko dugu.

3.- 650 metro. 630 metroko altuera. Baso ibilbidea estutzen hasten da eta pista baten zabalera zuena, metro bete eskaseko bidean bilakatzen da. Garai batean egurra garraiatzen zen bagoneta baten bitartez bide lau honetan. Lareoko inguruetatik Quifosa deritzan enpresara eramaten zituzten, han egosi eta gai desberdinak lortzeko.

4.- 1.100 metro. 635 metroko altuera. Maizegierrekaren ur-saltoen hotsa entzuten hasten gara. Arroila dugu parez pare, paisaia ireki egiten da eta mota askotariko zuhaitzak ikus ditzakegu inguruetan.

5.- 1.300 metro. 648 metroko altuera. Garai bateko jardunen testigu izan zen harkaitzean zulatutako tunela igaroko dugu. Makina bat kolpe emango ziren horrelako pasabidea irekitzeko harkaitz trinkoan.

6.- 1.620 metro. 663 metroko altuera. Bideak beherantza egin ostean, egurrezko zubia topatuko dugu Maizegierreka igarotzeko. Igaratza barrenetik datozen urek arin egiten dute beheruntz.

7.- 1.950 metro. 695 metroko altuera. Erreka eta gero bidea zabaldu egiten da. Aldapa tentetuz doa eta urtegiaren euste-horma gainditzea izango dugu hurrengo erronka. Urtegia eraikitzeko erabilitako materiala, eskuinean dugun harrobitik atera zuten.

8.- 2.200 metro. 740 metroko altuera. Aldapak bukatzen diren unean urtegiko urak izango dituzu begi bistan. Ikusten duzunak atzean utziko ditu orain arteko nekeak. Kilometro inguruko distantzia duzu urtegiari buelta eman nahi badiozu.

9.- 2.990 metro. 740 metroko altuera. Urtegi ertzeko bidean, egurrezko zubitxoa eta trikuharri bat ere topatuko dituzu.

10.- 6.800 metro. 621 metroko altuera. Lizarrustira gorantza egindako bidetik itzuli beharko duzu.