Ondo jatea goierritarren artean oso errotua dagoen ohitura da; ez da harritzekoa, beraz, Goierrin hainbeste sukaldari ezagun izatea (Castillo eta Argiñano ditugu aipagarrienetako batzuk).

Goierriko eskaintza gastronomikoa anitza eta kalitate handikoa da.
Eskualde osoan kalitate eta ospe handiko jatetxe eta sagardotegi ugari daude. Eskaintza gastronomiko anitza eta kalitate handikoa egiten du Goierriko eskualdeak eta jatetxe asko naturaren erdian kokatuta daude.
Era berean, kalitate handikoak dira Goierriko produktu tipikoak eta erakusleiho bikaina dute horiek ezagutzera emateko, hain zuzen ere Ordiziako azoka. Goierriko eskualdeko eta inguruko nekazaritza‑ eta abeltzaintza‑produktuen ekoizleak-saltzaileak eta erosleak elkartzen dira bertan (asteazkenero eta ostiralero egiten da). Ordiziako azoka Euskadiko garrantzitsuenetako bat da; gainera, herrialde osorako nekazaritza‑prezioen “burtsa” moduan funtzionatzen du.
Goierriko produktu tipikoen artean, lehenik eta behin artzaintzarekin erlazionatutakoak aipatuko ditugu; latxa ardi asko ikus daitezke Aralarko eta Aizkorriko larreetan, eta ardi horien esnearekin egiten den gazta ezagunak Goierriko herri bati zor dio bere izena; Idiazabalgo gaztaz ari gara noski. Ardia da, halaber, Zaldibiako mondejuak egiteko lehengai nagusia; irailean eta urrian inguruko baserrietan egiten dira eskuz mondejuak eta horiek dastatzeko lehiaketak antolatzen dira. Mondejuekin batera Beasaingo odolkia azpimarratu behar da; Goierriko beste produktu tipiko bat da odolkia eta Kofradia propioa du.
Gozokien alorrean, Segurako tarta Unanueko merlitoiak eta Beasaingo martintxoak ditugu; horretaz gainera, babarrunak, perretxikoak, fruituak eta sagardoa dira inguru honetan eskaintzen diren beste produktu batzuk.